BIZIKIDETZA PLANA IRAURGIN

Gure ikastetxean Bizikidetza dagoela esaten dugu elkarrekiko errespetua dagoenean. Nork berak bere buruarengan eta besteengan topatzen dituen ezberdintasunak onartzen dituenean. Izan ere, Iraurgi osatzen dugun lagun bakoitza (nahiz ikasle, guraso, irakasle edo langile izan) ezberdinak gara aspektu ugaritan: sexua, adimena, izaera, fisikoa, nortasuna, jatorria, eta abar. Beraz, gutako bakoitzak dituen ezberdintasunak ezagutu eta errespetatzea garrantzitsua da nork berak bere gaitasunak ahalik eta gehien garatu ditzan.

Bizikidetza bermatuko balitz, Iraurgi osatzen dugun gutako bakoitzak…
- gure iritzia emateko aukera izango genuke,
- gure iritzia modu egokian esateko arreta jarriko genuke,
- besteek diotena entzuteko interesa agertuko genuke,
- pentsatzen dugun guztia esateko ausardia eta gaitasuna izango genuke, ez ginateke beldurtuko gure iritzia ematerako orduan,
- ez ginateke baztertuak sentituko edo beste inor ez genuke baztertuko,
- bakoitzaren gaitasunak azpimarratuko genituzke eta ez genuke inor gutxietsiko,
- besteen tokian jartzen, hau da enpatizatzen jakingo genuke, bai eta asertibo izaten ere.

Guztion artean konfiantza egongo litzateke eta eguneroko harremana giro onean biziko genuke, bizipoza areagotuz.

Errespetuzko jarrera honi esker, eguneroko gatazka txiki nahiz handietan, konponbidea modu egokian lortzea ahalbidetuko litzateke, norberak bere ardurak betez, denon beharrak aintzat hartuz eta partaide diren pertsona guztien ikuspegia modu egokian entzunez. Modu horretan konfiantza sustatuko litzateke eragile guztien artean, eta talde presioak egin dezakeen eragina gutxiagotuko litzateke eguneroko bizitzan.

Ondorio honetara iristeko, ikastetxeak prozesu luze bat jarraitu du 2009/10 ikasturtean abiatu zena. Orduan, ikastetxeko Bizikidetza Plana osatu ahal izateko sentsibilizazioa eta diagnostikoa burutu genituen, irakasle-taldeak lehenik, irakasleak ikasleekin ondoren, eta ikastetxeko ama-talde batek azkenik. Prozesu hau hasi genuen ikasturtean, gure gaitasun desberdinak (sozialak, komunikatzaileak eta gatazken eraldaketarakoak) aztertu genituen, eta hauen inguruan detektatutako gabeziei erantzuna eman nahi izan genien.

Horretarako, 2010/11 ikasturtean, Ikastetxeko Elkarbizitzarako Behatokia osatu genuen Bigarren Hezkuntzako eraikinean, hau da, ikastetxeko elkarbizitza kudeatzeko organoa. Honen xedea, harreman positiboak eta elkarbizitza osasungarria eraikitzen laguntzea da. Modu honetan, Behatokiarekin Hezkuntza Komunitateko kide guztien erantzukizuna eta partaidetza sustatu nahi dira bizikidetzaren inguruan, errespetua, elkarbizitza, negoziazioa eta adostasuna oinarri hartuta.

2011/12 eta 2012/13 ikasturteetan, Bizikidetza Plana osatuta izanik, Elkarbizitzarako Behatokia ikastetxeko dinamikan barneratzea izan da helburua. Ikastetxeko Elkarbizitzarako Behatokia, Hezkuntza Komunitateko eragile desberdinek osatzen dute:

■ Zuzendaritza-taldeko kide bat.
■ Bi irakasle (etapa desberdinetakoak).
■ Ikasleen 6 ordezkari (maila desberdinetakoak).
■ Irakasleak ez diren langileen ordezkari bat.
■ Bi/hiru guraso.
■ Orientatzailea.

Behatokiaren hiru bilera egiten dira ikasturtean, bilera bat hiruhileko bakoitzeko. Lehen ikasturtean behatokiaren funtzioak sendotu eta partaideek beraiek barneratzea izan zen helburua. Hurrengo ikasturteetan, bizikidetzako arauen kudeaketa parte-hartzailea sustatzeko prozesua burutu da. Behatokian lan egiteaz gain, ikastetxeko eragile desberdinekin ere lan egin da, Eskubide eta Betebeharren arautegi berria kontuan izanik, ikastetxeko bizikidetza kudeatzeko arautegi bat zehazteko asmoz.

2014/15 ikasturtean, ikastetxea bere Hezkidetza Proiektua osatzeko lanetan sartuko da eta zeregin honetan Behatokiko kideekin batera ere lan egingo dugu, Hezkuntza Komunitateko kide guztien ikuspegia jaso ahal izateko kasu honetan ere.

Proiektuaren arduraduna: Leire Aranburu

Jarri gurekin kontaktuan

Iraurgi Ikastetxea, Etxe Alai, 18 · 20730 · Azpeitia (Gipuzkoa)

  • Tfnoa: 943 81 02 10 - Fax: 943 15 15 52

Harpidetu ikastetxeko albisteetara