IRAURGI Ikastetxearen Historia
Iraurgi ikastetxea, 2001-2002 ikasturtean Azpeitiko lau ikastetxe erlijiosok burututako bateratze prozesuaren emaitza da, eta etengabeko hobekuntzaren bidetik, Azpeitiko herriari, kristau eskola euskaldun eta berritzaile bat eskaintzeko asmoz diharduen ikastetxea da.
1979ko apirilaren 3an irakaskuntza gaietarako lehen lankidetza akordioa sinatu zen Donostiako Gotzaindegiaren eta ondorengo bost erakunde hauen artean:
- Jesusen Lagundia.
- Jesusen Bihotzaren Esklabak.
- Jesusen Alabak.
- Karitateko Alabak.
- Betharrandar Apaizak.
Lankidetzako lehen akordio hau Urola Bailaran Iraurgi izeneko Elizaren Batxilergoko Ikastetxe bat eraikitzeko abiapuntua da.
1987an Esklabetako Ikastetxea itxi zen eta Lekaimeek 1999ko maiatzaren 31ra arte jarraitu zuten Azpeitian.
1992ko otsailaren 9an, berehala zetorren LOGSE Legearen aurrean, Urola Bailarako ikastetxe erlijiosoen artean lankidetza-hitzarmen bat sinatu zen "...ahaleginak eta ilusioak bateratuz, Elizaren ikastetxeak bailarako irakaskuntza ez unibertsitario guztiarentzat hezkuntza-eskaintza bakar bat ziurtatzeko helburuarekin...".
Hitzarmena honako hauen artean sinatu zen: Iraurgiren izenean, Jose Mª Setienek, eta Azpeitiko Betharram, Jesusen Alabak, Milagrosa eta Azkoitiko Floreagaren izenean, ikastetxetako titularren probintzialek.
1993ko ekainaren 28an honako akordio hau sinatu zen: “Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako Azpeitiko Elizaren ikastetxeen arteko Akordioa".
Akordio honetan:
1. Betharram, Jesusen Alabak eta Milagrosa Ikastetxeek D.B.H. irakasteari uko egiten diote, eta berauen ikasleak Iraurgi Ikastetxera atxikitzen dituzte bertan jarraitu dezaten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasten.
2. Iraurgi Ikastetxeak aipaturiko ikastetxeen eskaintzaren jarraipena bere gain hartzen du, eta D.B.H. irakasteko eskaera egiten du, D.B.H.-n eta Batxilergoan zehaztuz bere eskaintza.
1998-1999 ikasturtea bukatzean, Betharrandarrek Azpeitia uzten dute, Ikastetxea Gotzaindegiaren eskutara pasatuz.
2001-2002 ikasturtean, eztabaida eta gogoeta sakon baten ondoren, ELIZAren proiektu bateratu bakarrerantz abiatzea erabakitzen da. Jesusen Alabak eta Milagrosa ikastetxeko titularitateak Donostiako Gotzaindegiari ematen zaizkio, eta horrela honen esku gelditzen dira Azpeitiko Elizaren lau ikastetxeak.
2002-2003 ikasturte hasieran, Betharram, Jesusen Alabak eta Milagrosa ikastetxeek beren jarduerak uzten dituzte, Iraurgi Ikastetxeak unitateak gehituz eta Donostiako Gotzaindegiaren titularitzapean ikastetxe bakar bat osatuz. Ikastetxe bakarra izan arren, bere hezkuntza eskaintza hiru eraikinetan banatzen da hezkuntza-etapen arabera:
- 0-6: Haur Eskola eta Haur Hezkuntza. Artzubia Hiribidea, 7.
- 6-12: Lehen Hezkuntza. Jose de Artetxe, 4.
- 12-18: D.B.H. eta D.B.H.O. Etxe Alai, 18.
Orduz geroztik, Iraurgi ikastetxea bere eskaintza etengabe berritzen eta zabaltzen ari da, azpiegiturak, zerbitzuak, metodologia, etab. eguneratuz eta hobetuz.
Urte hauetan, gure identitate ezaugarriak sendotu egin dira eta kristau eskola euskaldunaren eredu bilakatu gara.