Hasiera Hezkuntza Eskaintza Haur Hezkuntza

HAUR HEZKUNTZA

Iraurgi-Ikastetxea-HaurHezkuntza

Haur Hezkuntzako bigarren ziklo honek 3 urtetik 6 urtera bitarteko haurrak hartzen ditu bere baitan. Eskolan igarotzen dituen lehen urte hauek gizarteratze-momentu garrantzitsuak dira haurrarentzat eta esperientzia aberatsa eta atsegina bizi dute umeek.

Bizitzako lehen urteak oinarrizkoak dira haurraren garapenean: dimentsio soziala lantzen doaz, garapen kognitibo eta linguistikoa ematen da, gorputzaren mugimendua, psikomotrizitatea eta oreka pertsonala garatzen dira... Hori dela eta, Haur Hezkuntzaren helburu nagusia eremu guzti hauek lantzea da, hau da, haurraren garapen integrala sustatzea.

Horregatik, etapa honetan, haurraren ikaskuntzarako eta garapen osasuntsu baterako beharrezkoak diren estrategiak garatzen ditugu. Horretarako, estimulazio goiztiarra, adimen anitzak, psikomotrizitatea eta esperimentazioa bezalako metodo berritzaileak lantzen ditugu.

Umea, bere gorputza ezagutzen doan heinean, bere burua hobeto kontrolatzen eta autonomoagoa izaten hasten da, honek hainbat esperientzia berri eta atsegin dastatzeko eta bizitzeko aukera eskaintzen dio.

Jolasen eta bestelako ekintzen bidez besteekiko harremanetara irekitzen dira haurrak. Horretarako, hizkuntza barneratzeak garrantzi handia hartzen du, haurren beharrak, sentimenduak eta nahiak adierazteko tresna bilakatzen baita hizkuntza. Asko gozatzen dute ipuinak eta istorioak entzuten eta irakurtzen, sormen ikaragarria baitute adin hauetan, eta kontakizun hauek fantasiazko munduetara bidaiatzeko aukera ematen baitiete. Familia eta ikastetxearen bidez ingurune sozial eta eta fisikoaren ezaguera ere lortzen dute. Hori lortzeko adin hauetara egokitutako instalazioak eta bereziki diseinatutako ekintzak eskaintzen ditugu Haur Hezkuntzan. Haurraren garapenerako hain garrantzitsuak diren objektu, jostailu eta espazioak ere haurren beharren arabera diseinatuak daude, eta bertan burutzen ditugun ekintza eta ekitaldietan aukera aukera zabala eskaintzen dugu, heziketa aberatsa eta integrala izan dadin.

Iraurgi Ikastetxeko beste etapetan bezala, Haur Hezkuntzako gela guztietan D eredua dago martxan. Horretaz gain, Hezkuntza Berezian espezializatutako irakasleak ditugu, ikasleen beharren arabera laguntza pertsonalizatua eskaintzeko.

Etapa honetako eraikinean, jangela, atseden-gelak, psikomotrizitate gela eta estimulazio goiztiarreko gelak daude besteak beste. Horretaz gain, ordenagailuak daude gela guztietan eta txikientzako babestutako jolas parkea eta patio estalia ere bai. Barne-instalakuntza guztiak 0-6 urte bitarteko haurren ezaugarrietara egokituta daude.

Etapa honetan bereziki lantzen diren oinarrizko baloreak honako hauek dira: hurbiltasuna, maitasuna, alaitasuna, laguntasuna... Giro honetan haurrak heziketa integral eta osasuntsua jasotzen du ondo pasatzen duen bitartean. Txokoetan egiten dugu lan, modu honetan, talde-lana, errespetua eta konpromisoa bezalako balioak landuz eta aldi berean elkarlana eta partekatzea sustatuz.

Jarri gurekin kontaktuan

Iraurgi Ikastetxea, Etxe Alai, 18 · 20730 · Azpeitia (Gipuzkoa)

  • Tfnoa: 943 81 02 10

Harpidetu ikastetxeko albisteetara

Hasiera Hezkuntza Eskaintza Haur Hezkuntza