Hasiera Hezkuntza Eskaintza Bigarren hezkuntza

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA

Iraurgi-Ikastetxea-Bigarren-Hezkuntza Etapa hau 12 urtetik 16 urtera bitarteko gazteek osatzen dute, 18 urtera arte egoteko aukerarekin. Etapa oso interesgarria da, nerabetasunak garrantzi handia baitauka laster helduak izango diren ikasle hauen bizitzetan. Etapa honetan hasten baitira norbere bizitzak zein norabide hartzea nahi duten erabakitzen, eta etorkizun hurbilean modu autonomoan kudeatu beharko duten bizitzarako prestatzen.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau urte hauetan ikasleei gizartean integratzeko eta modu autonomoan jarduteko behar dituzten jakintzak eskaintzen saiatzen gara. Lau urte hauen ostean batzuek Batxilergorako bidea aukeratuko dute, besteek erdi mailako moduluetarakoa eta besteek lan-mundurakoa.

Etapa honetan ikasleek euren ikaskideekin eta helduekin dituzten harremanek protagonismoa hartzen dute. Gazteak munduan euren lekua bilatzen ari dira eta beraien nortasuna finkatzen. Horregatik aniztasunaren eta errespetuaren balioak lantzen saiatzen gara. Pertsona bakoitza desberdina eta bakarra dela azpimarratuz, baina denok eskubide berdinak ditugula eta errespetu berbera merezi dugula gogoraraziz.

Orientazio zerbitzua ere momentu guztietan ikasle eta gurasoen zerbitzura dago. Bai egunerokotasunean sortzen den edozein arazori irtenbidea emateko, eta baita erabaki garrantzitsuak hartu behar diren uneetan orientatzeko ere (esaterako, etorkizuneko ikasketak aukeratzerako orduan). Horretaz gain, tutoretzako saioetan bakoitzaren arazoetara gerturatzen saiatzen gara. Ikasketetan orientatzen, lagunekin dituzten harremanetan laguntzen eta ikaslearen heldutasuna bultzatzen. Era berean tutoretza pertsonalaren bidez, ikasleenganako eta gurasoekiko gertutasun bat adierazten saiatzen gara.

Elkarrizketarako eta komunikaziorako gaitasuna lantzen ditugu ikasleekin. Talde-lanaren bitartez parte hartzen eta iniziatiba izaten ikasten dute, baita erantzunkizuna eta elkarrenganako errespetoa barneratzen ere. Horregatik, Lehen Hezkuntzako etapan garrantzi berezia ematen zaion talde-lanari jarraipena ematen saiatzen gara, taldekako lanak sustatuz eta pentsatokia eta irakurketa bikoteka bezalako metodoak txertatuz gure eguneroko lanean.

Horretaz gain, Iraurgi Ikastetxeak, beste etapetan egiten ari den moduan, metodologia berritzaileak jarri ditu martxan etapa honetan ere. Esaterako, adimen anitzen metodologia txertatzen ari gara pixkanaka heziketa integrala izan dadin.

Tutoretza, ekintza osagarri eta beste hainbat esperientzien bidez balioak barneratzen dituzte norbere buruarekin, besteekin eta naturarekin harmonian bizitzen ikasteko. Arlo guzti hauek lantzeko eta heziketa integrala izan dadin adimen anitzen metodologia txertatzeaz gain bestelako hainbat ekintza osagarriren bitartez balioak sakonago lantzen saiatzen gara, esaterako, Agenda 21, Bizikidetza Plana, Elkartasun Proiektua, Gizaldi Arteko Programa, Pastorala edo Euskararen Normalkuntzarako proiektuen bidez gure herriaren eta gizartearen balioak sustatzen saiatzen gara ikasleen artean.

Hau guztia gure herriko eta Euskal Herriko ohitura eta tradizioetan oinarrituz; ikaslea bere heziketaren arduradun sentiarazten duten metodología aktiboak eta berritzaileak erabiliz eta egungo teknologíaz baliatuz.

Iraurgi Ikastetxeko beste etapetan bezala, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gela guztietan D eredua dago martxan. Horretaz gain, etapa honetan, Hezkuntza Bereziko bi gela eta Hizkuntza Errefortzuko modulu bat daude.

Eraikin honetan honako instalakuntzak ditugu: soinketa-gela, aldagelak, eliza (erabilera anitzeko aretoa), bi informatika gela, multimedia gelak, musika-gela, errefortzu-gelak, teknologia-tailerra, laborategiak, liburutegiak, frontoia duen jolasleku estalia eta futbolean eta saskibaloian aritzeko eremu zabalak dituzten bi jolastoki.

Ikastetxeko zuzendaritza, administrazio eta idazkaritza orokorreko bulegoak eraikin honetan kokatuta daude.

Jarri gurekin kontaktuan

Iraurgi Ikastetxea, Etxe Alai, 18 · 20730 · Azpeitia (Gipuzkoa)

  • Tfnoa: 943 81 02 10

Harpidetu ikastetxeko albisteetara

Hasiera Hezkuntza Eskaintza Bigarren hezkuntza