Hasiera Hezkuntza Eskaintza Berezko Izaera

IRAURGI Ikastetxearen Berezko Izaera

Urola Bailararako Elizbarrutiak eta hainbat kongregaziok sustatutako IRAURGI Ikastetxearen Berezko Izaera honakoa da:

1.- Iraurgi Ikastetxea Elizak sustatutako Hezkuntza-Komunitate bat da eta Entitate Titularrak, Gurasoek, Irakasleek eta irakasle ez diren langileek osatzen dute.

Oinarrizkoak eta aldaezinak diren bi printzipio hauetan oinarrituta lan egiten dugu:

- “Pertsona eta gizartea ikuspegi kristau batetik ulertzea”.
- “Euskal Herriko kultur balioenganako leialtasuna, batez ere euskalgintzari dagokionez”.

2.- Hezkuntzaren esparruan gizarteak bermatu beharra duen askatasunaren baitan, funtsezko bi printzipio horietan oinarritutako Hezkuntza Proiektua egin asmo du Hezkuntza-Komunitate honek.

3.- Bitariko izaera erlijioso eta euskalduna izanik, Iraurgi Ikastetxeak inguruan duen Urola Bailarako giza-komunitateari zerbitzua eskaini nahi dio.

4.- Entitate Titularrari dagokio ikastetxearen sorreran giltzarri izan diren oinarrizko printzipio aldaezin horiek gordeko direla ziurtatzea. Entitate Titularrari dagokio, baita ere, betebehar hori gauzatzeko behar diren neurriak hartzea, eta batez ere, Zuzendaria izendatzea.

5.- Hezkuntza-Komunitateko kide guztiek dute hezkuntza-proiektua betetzeko eginkizuna eta eskubidea; beti ere, ikastetxearen baitan duten funtzioaren eta egoeraren arabera.

6.- Bere nortasun propioan oinarrituta eta goian zehaztu diren oinarrizko printzipioetatik abiatuta, hezkuntza integral, gizatiar, euskaldun eta kristauaren zerbitzura dago ikastetxe hau. Horretaz gain, ikasleen parte-hartze aktiboa funtsezkoa izango da euren heziketan, bai euren garapen pertsonalari dagokionez, baita ikastetxearen funtzionamenduari dagokionez ere.

7.- Ikastetxeko bizitzan modu aktiboan hartuko dute parte gurasoek eta batez ere Entitate Titularrarekin, irakasleekin eta ikasleekin elkarlanean hezkuntza-proiektua burutzeko behar diren helburuak zehazten lagunduko dute.
Hezkuntza-Komunitateak proposatutako helburuak lortzen lagunduko diete beste kideei eta ikastetxeak sorrerako oinarrizko printzipioak gordetzen dituela ziurtatzeaz arduratuko dira. Ikastetxean duten erantzukizun administratiboaren kargu egingo dira, hezkuntza- komunitatea osatzen duten kideen arteko solidaritate irizpideak kontuan hartuz.

8.- Hezkuntza-Komunitateak zehaztutako helburu konkretuen bidez, irakasleek euren gaitasun profesionala eta bokaziozko dedikazioa eskainiko dute hezkuntza-proiektua bere osotasunean garatu dadin.

9.- Ikastetxeko hezkuntza-proiektuak errespetua izango dio ikasleen askatasunari, erlijio-askatasunari, batik bat. Era berean, ikasleek, ikastetxearen Berezko Izaera eta beronen oinarrizko printzipioak errespetatzeko konpromisoa hartuko dute.

10.- Ikastetxearen helburuak, printzipioak eta funtzionamendua onartzeko prest dagoen guraso eta irakasle orori zabalik dago gure ikastetxea, datozen gizarte-maila edo sinismen subjektiboak edozein izanda ere.

11.- Ikasleek jasotzen duten hezkuntza integralari esker, gizarteratzean, eta batez ere, Euskal Herriko gizartean integratzean eskatuko zaizkien konpromisoak hartzeko gai izango dira, beti ere, herri behartsuenekiko jarrera solidarioari ateak zabalduz. Horretarako, errealitatea ikuspegi objektibo batetik begiratu ahal izateko prestatuko ditugu ikasleak gure ikastetxean, eta oinarria pertsonaren duintasuna izango da, edozein doktrinamendu ideologikotik kanpo eta kontzientzia kritikoa izateko gaitasuna garatuz.

12.- Emango den heziketak izaera pertsonala izango du eta edozein hautu profesionalen gainetik komunitatearenganako zerbitzu-espiritua egongo da, horregatik, gure ikastetxeak, pertsonaren bokaziozko alderdia landuko du.

13.- Ikasleei eskainiko zaien erlijio-heziketa Elizbarrutiko Komunitatearen jarraibideen araberakoa izango da.

14.- Ikastetxe honek hezkuntzari buruz daukan ikuspuntua kontuan izanda, hezkuntza-proiektuan sustatzen diren balore eta jarrerek ikaslearen izaera propioa bultzatuko dute, beronen arabera bizi ahal izateko aukera eskainiz ikasleari; beti ere, solidaritatea bultzatuz, erantzukizunak hartzen erakutsiz, askatasuna eta parte hartzea sustatuz, eta errespetua eta aniztasuna landuz, modu honetan, elkarbizitzaren oinarriak errotuz.

Oharra: Batzorde Titularrak eta Gurasoen Batzordeak 1995eko urriaren 18an egindako bileran jatorrizko Hezkuntza Proiektua berrikusi eta eguneratu ondorengo emaitza da dokumentu hau.

Jarri gurekin kontaktuan

Iraurgi Ikastetxea, Etxe Alai, 18 · 20730 · Azpeitia (Gipuzkoa)

  • Tfnoa: 943 81 02 10

Harpidetu ikastetxeko albisteetara

Hasiera Hezkuntza Eskaintza Berezko Izaera