Hasiera Hezkuntza Eskaintza

IRAURGI Ikastetxea, Hezkuntza-Eskaintza integrala

A- SARRERA

Urola Bailarako Elizbarrutiak eta hainbat erlijio-elkartek sustatutako ikastetxea gara.

1.- Ikastetxe hau Elizak eragindako Hezkuntza-komunitate baten partaide da eta bere egitekoak bi printzipio funtsezko eta aldaezinei jarraitzen die:
- GIZAKIA ETA GIZARTEAREN IKUSPEGI KRISTAUA.
- EUSKAL HERRIAREN ONDASUN KULTURALAREKIKO LEIALTASUNA, EUSKARAREN ERABILERA BEREZIKI SUSTATUZ.

2.- Irakaskuntzari dagokionez, gizarteak eskaini behar duen askatasunaren barnean, hezkuntza-komunitate honek aipatu ditugun funtsezko bi printzipio horiei dagokien proiektu bat eraman nahi du aurrera.

Horregatik, bakoitzak duen askatasunaren bitartez, hezkuntza-komunitate honetan sartzea aukeratzen duten guztiei hezkuntza-proiektu honekiko leialtasuna eta konpromisoa eskatzen zaie.

3.- Ikastetxe honek, kokatuta dagoen Urola Erdiko giza-komunitateari zerbitzu bat eskaintzen diola uste du, ikastetxe kristaua eta euskalduna den aldetik.

4.- Erakunde eragileari dagokio, ikastetxe honen ahaleginak bideratu behar dituzten funtsezko printzipioekiko leialtasuna zaintzea. Erakunde horrexen lana izango da, baita ere, dagokion zeregin hori betetzeko neurriak hartzea eta, bereziki, erakundearen Zuzendaria izendatzea eta berria aukeratzea.

5.- Hezkuntza-komunitate honetako partaide guztiek, ikastetxean duten eginkizuna eta lekuaren arabera, ikastetxeak berak ezarriak dituen helburuak betetzearen alde parte hartzeko eskubidea eta betebeharra dute.

6.- Ikastetxea, ikasleen heziketa integral baten zerbitzura dago, aipatu ditugun funtsezko printzipio horietan oinarrituko den heziketa hain zuzen ere. Bai ikasleen errealizazio pertsonalari begiratuta, eta baita ikastetxearen aurrerabidea kontuan hartuz ere, ikasleen heziketaren oinarrizko betebeharra beraien parte-hartzea izango da.

7.- Ikasleen gurasoek ikastetxearen kudeaketan parte hartuko dute:

■ Erakunde eragilearekin eta irakasleriarekin batera, gurasoek, ikastetxearen printzipio eragileak gauzatuko dituen hazkuntza-proiektuan parte hartuko dute.
■ Gurasoek, ikastetxeak dituen hezkuntza-helburuak zaintzen eta eragiten lagunduko dute.

8.- Ikastetxeko irakasleriak bere gaitasun profesionala eta bokaziozko ardura eskainiko ditu hezkuntza-komunitateko beste taldeekin batera finkatutako proiektua aurrera eramateko.

9.- Eskaintzen den heziketak ikasleen askatasuna errespetatuko du, erlijio mailan bereziki, funtzionamendu akademikoari dagokionean funtsezko printzipioei uko egin gabe.

10.- Ikastetxe honek edozein sinesmen, jatorri eta egoera sozialetako ikasleak onartzen ditu, ateak zabalik daude edonorentzat.

11.- Ikasleen heziketa integralean sartuko da gizarteko partaide eta euskaldun izateak dakartzan konpromisoak hartzeko gai izatea, horregatik, ikastetxe honek, errealitatearen ezagutza objektibo batetarako prestatuko ditu bere ikasleak eta kontzientzia kritiko batez jantzi nahiko ditu, baina inolako doktrinatze ideologikorik gabe.

12.- Ikastetxe honek bokazio aldetik eragingo du errealizazio pertsonala, bertan eskaintzen den heziketak duen izate pertsonala kontutan izanik, eta lanbide baten hautaketan giza- komunitatearen zerbitzura egoteak duen garrantzia azpimarratuz.

13.- Ikasleen erlijio-heziketa Eliz Barrutiko Komunitateak emandako irizpideen araberakoa izango da.

14.- Ikastetxe honek duen hezkuntzaren inguruko ikuskera dela eta, bere izaerarekin ados bizitzeko aukera eskaintzen du, balore eta jarrera hauek bultzatzen saiatuz:

■ Adiskidetasuna eta erantzun beharra.
■ Askatasuna eta parte hartzea.
■ Iritzi ezberdinekoen arteko errespetua eta bizikidetasuna.

Kalitatezko irakaskuntza eskaintzen dugu, non irakasle-hezitzaileak bitartekari lana egiten duen, ikasle bakoitza bere ikasketaren protagonista izan dadin bermatuz, bultzatuz eta orientatzen saiatuz.

ORIENTATZEN DUGU

Ikasleak prestatzen eta heltzen ari diren heinean beraien ahalmenak eta gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko aukerak aurkitzen.

AHALEGINTZEN GARA

Pertsona lehiakorrak hezi beharrean Legezko Pertsonak osatzen, errespetua izanik jarrera honen ardatza.

Elkarrizketarako jarrera, pertsonen arteko harremanak apaltasunez eta tolerantziaz lantzeko gaitasuna, norbere ekintzen erantzukizuna hartzeko ardura eta elkarbizitza giroan heztea dira eskaintzen dugun heziketaren oinarriak.

NAHI DUGU

Hurrengo jarrerak garatzea ikastetxeko estamentu guztietan: zintzotasuna, elkartasuna, apaltasuna, talde-lana, hurbiltasuna, ahalegina, alaitasuna eta sormena.

KOLABORATZEN DUGU

Kristau-jarreren garapenean, gure elizbarrutietako pastoral-proiektuetan kolaboratuz, eta aldi berean geure pastoral-proiektua garatuz.

HEZITZEN DUGU

Bizitzatik eta bizitzarako, gizartearen aldaketa etengabea kontutan edukiz, eta gure hezkuntza-eskaintza testuinguru berri hauetara etengabe moldatuz. Ikasleak, geroz eta zabalagoa den mundura irekitzeko eta prestatzeko hainbat ekintza eta gaitasun osagarriz hornituz, esaterako, gizarte eta pastoral ekimenetan parte hartuz, behar duen jendeari lagunduz eta norberarentzat aberasgarriak diren era askotako estrategiak garatuz.

 

B.- HEZKUNTZA-ETAPAK

• 0-6 urte bitarteko hezkuntza-eskaintza: Arzubia Hiribidea, 7.

Iraurgi Ikastetxeak eraikuntza honetan 0-3 eta 3-6 urte bitarteko etapak kudeatzen ditu:

Haur Eskola: 0-3 → Lau hilabetetik 3 urtera bitarteko haurrentzako zaintza - zerbitzua eta hezkuntza-eskaintza zabala.

Haur Hezkuntza: 3-6 → 3 urtetik 6 urtera bitarteko haurrentzat hezkuntza-eskaintza integrala D ereduan.

Etapa honetako eraikinean, jangela, atseden-gelak, psikomotrizitate gela eta estimulazio goiztiarreko gelak daude besteak beste. Horretaz gain, ordenagailuak daude gela guztietan eta txikientzako babestutako jolas parkea eta jolastoki estalia ere bai. Barne-instalakuntza guztiak 0-6 urte bitarteko haurren ezaugarrietara egokituta daude.

• 6-12 urte bitarteko hezkuntza-eskaintza: Jose de Artetxe, 4.

Iraurgi Ikastetxeak eraikin honetan 6-12 urte bitarteko etapa kudeatzen du, Lehen Hezkuntza deritzona. D eredukoak dira gela guztiak, eta Hezkuntza Bereziko gela bat eta Hizkuntza Errefortzuko beste gela bat ere badaude.

Etapa honetako eraikinak, sukaldea, jangela, soinketa-gela, eliza (erabilera anitzeko aretoa), bideo-gela, informatika-gela, liburutegia eta musika-gela ditu besteak beste. Horretaz gain, bi frontoi, saskibaloiko kantxa eta futbolean aritzeko eremuak dituen jolastoki zabala du.

Eraikin honetako instalazioak eskola-orduetatik kanpo herriaren zerbitzura zabalik egoten dira.

• 12-18 urte bitarteko hezkuntza-eskaintza: Etxe Alai, 18.

Iraurgi Ikastetxeak eraikin honetan 12-16 eta 16-18 urte bitarteko etapak kudeatzen ditu.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 12-16 → D eredukoak dira gela guztiak, eta Hezkuntza Bereziko bi gela eta Hizkuntza-Errefortzurako beste modulu bat ere badaude.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza Ondorengoa: 16-18 → D eredukoak dira gela guztiak eta bi modalitate hauek eskaintzen dira:
- Giza- eta Gizarte-Zientziak.
- Natur- eta Osasun-Zientziak.
2005. urtetik Cambridge-ko azterketak egiteko ikastetxe baimendua gara (ESOL 285) → Azpeitian ikastetxe bakarra gara baimen hori daukana, eta bailara-mailan ere baimenduak diren ikastetxe gutxien artean gaude. Ikasturte bakoitzean deialdi bat egiten da (maiatzaren bukaeran eta ekainaren hasieran) eta edozein pertsonari irekita dago deialdia.

Eraikin honetan honako instalakuntzak ditugu: soinketa-gela, aldagelak, eliza (erabilera anitzeko aretoa), bi informatika-gela, multimedia-gelak, musika-gela, errefortzu-gelak, teknologia-tailerra, laborategiak, liburutegiak, frontoia duen jolasleku estalia eta futbolean eta saskibaloian aritzeko eremu zabalak dituzten bi jolastoki.

Ikastetxeko zuzendaritza, administrazio eta idazkaritza orokorreko bulegoak eraikin honetan kokatuta daude.

Jarri gurekin kontaktuan

Iraurgi Ikastetxea, Etxe Alai, 18 · 20730 · Azpeitia (Gipuzkoa)

  • Tfnoa: 943 81 02 10 - Fax: 943 15 15 52

Harpidetu ikastetxeko albisteetara

Hasiera Hezkuntza Eskaintza