Skip to main content
logoa

HERRIA, ASKATASUNA, ERALDAKETA, KONFIDANTZA, KONPROMISOA, ZAINTZA gara

25/11/2024

BORONDA-TEA PROIEKTUAREN AURKEZPEN EKITALDIAK EMANDAKO

Udazkeneko euri betean hasi genuen ostegunean Gautena ete Iraurgi ikastetxearen arteko BORONDA-TEA proiektuaren hitzarmena sinatzeko ekitaldia. Kanpoko negu giroak ez zukeen utziko somatzen barruko berotasuna.

Ordu bete pasatxoko ekitaldian inklusioaz, elkarrengandik ikasteaz, elkar zaintzeaz eta guztiontzako tokia izango duen gizartea egiteaz aritu ziren oholtzara igo zirenek. Han ziren, besteak beste, ikastetxeko ordezkariak, Gautenako ordezkari eta kideak, alkatea, Marea urdinako kideak, Aldundiko gizarte zerbitzuetako arduraduna, ikastetxeko familiak, langileak, ikasleak, ikasle ohiak, herritarrak… denetik izan zen, musika, dantza, hitza …

Arriskua egoten da horrelako ekitaldietan, politikoki zuzena izan eta esan behar diren hitzak bakarrik esateko. Atzo ez zen horrelakorik izan. Hitz egin zutenei nabari zitzaien eskarmentutik hitz egiten ari zirela, eguna joan eta eguna etorri bizi eta ikusitakotik abiatuta, arrazoitik baino bihotzetik ari zirela gehiago.

Gautenako arduradunak esan zuen Azpeitiak sekulako harrera egin diola Gautenari eta toki segurua dela oso, bertako erabiltzaileentzat. Oso eskertuta zegoen Iñigori eta Ikerri Iraurgiko ateak zabaldu dizkiegulako, horrek euren bizitza goitik behera aldatu duelako. Egunero eginkizunak dituzte, ordutegi jakin bat bete behar dute, jendearekin hitz egiteko aukera sortzen zaie, herriko merkatariekin hartu-emanetan aritu behar dute, bizitza normala egin dezakete, beste edozeinek bezala.

Bitxia da nola aldatzen den pertzepzioa begirada beste txoko batetik luzatzen baduzu. Ikastetxearentzat bestela da kontua. Guk ematen dieguna baino askoz gehiago jasotzen dugun inpresioa daukagu. Ikasleek oso modu naturalean bizi dute biekiko harremana. Ikastetxeko beste bi kide gehiago dira, euren egiteko propioekin. Oharkabean ari dira ikasleak ikasten desgaitasun funtzionalak ez gaituela definitzen eta falta omen dugun horrek baino askoz balio handiagoa duela egin dezakegun guztiak.

Irakasleok irribarrez hartzen ditugu bi lagunak, beti etortzen dira umore oneko, eta ez dira zure ondoan pasako kasurik egin gabe edo begiratu gabe, behintzat. Dituzun kezkak errelatibizatzen laguntzen dizute. Zeure buruari eta ikasleei jarri nahi diezun abiadura ero horretatik aparteko beste erritmo bat ere badagoela ikustarazten digute. Guretzat bezala haientzat ere egunak 24 ordu dituela eta bihar ere argituko duela egunak. Eta eguzkiak guztiok berotuko gaituela gure tasun eta keriekin. Eta mundua askoz aterpe hobea izango dela guztiontzako tokia egiten badugu.

Ekitaldia ederra izan zen, etorkizunak ere itxura hori du.

Lerro hauen bitartez eskerrak eman Irune Galarraga, Nagore Alkorta, Amaia Lopetegi, Julen Esteban, Mila Orbegozo, Mireia Galarza, Uxoa Ibarreta, Saioa Lizarralde, Gautenako langileak, Gautenako kideak, Gazteria saila, Gizarte zerbitzuetako kideak, San Martin egoitza, Ikasberri Ikastola, Atzegi, Goyeneche, Domus, Iraurgiko langile, ikasle eta familiak, eta nola ez bertaratutako herritar guztioi.